- Sarrera
- Tarifa aldaketari buruzko iritzia
- Esku-hartzeari buruzko iritzia
- Energia kontsumoaren karakterizazioa
- Bazkideen erabakiak hartzeko profilaren karakterizazioa
- Bazkideen energia eraginkortasunaren profilaren karakterizazioa
- Familia unitatearen deskribapena
- Ondorioak
1. Sarrera
2019ko uztailean, CNMC-k (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak) argindarra garraiatzeko eta banatzeko ordainsariak kalkulatzeko metodologia berri baten lehen proposamena argitaratu zuen (tarifa berriak). Tarifa horiek 2020ko urtarrilaren 1ean ezartzea aurreikusita zegoen, baina prozesuak atzerapen eta aldaketa ugari izan zituen. Azkenean, tarifa berriak 2021eko ekainaren 1ean sartu ziren indarrean. Tarifa aldaketa horrek hainbat moldaketa ekarri ditu argindarraren kontsumoa kobratzeko orduan.
Honen harira, WHY proiektu europarreko kideekin batera eskala handiko ikerketa-ekintza bat planteatu genuen, onuragarria izango zelakoan bai bazkide eta baita kooperatibarentzat ere.
Ikerketa-ekintza honen zati kualitatiboa aztertu asmoz, galdetegi bat bidali zen 2022ko urtarrilean. Dokumentu honen helburua, galdetegi honetan jasotako emaitzak aztertzea da. Ondorengo puntuak ebaluatuko dira:
- Tarifa berriei buruzko ezagutza maila eta Goienerreko bazkideengan eragin dituzten aukera berriak
- Iradokitako aldaketen jarraipen maila eta talde esperimental desberdinen artean agertu diren oztopoak
- Energia-kontsumitzaile mota
- Profil sozioekonomikoa
Galdetegia 691 bazkidek erantzun dute. Kontutan hartu beharrekoa da, galdetegia bidaltzeko ez zela beharrezkoa galdera guztiak erantzutea.
2. Tarifa aldaketari buruzko iritzia
Lehen zati honetan, bazkideek tarifa aldaketari buruz duten iritzia aztertu da. Aztertutako laginaren %36-ak tarifa aldatze hau neurri egokia ez dela uste du, beti berdinak zigortzen direlako, eta %26-ak ez dituelako ezarritako helburuak beteko. Gainontzekoek, neurria egokitzat jotzen dute.
%89-ak tarifa aldaketak ekarritako periodo banaketara kontsumoak egokitzeko neurriak hartu ditu. Neurri ohikoenak arropa/ontzi garbigailua eta beste etxetresna elektriko batzuk erabiltzeko ordua aldatzea izan dira. Neurri hauek errespetatzeko edo neurri gehiago ez hartzeko oztopo nagusia lan/eskola ordutegia ekintza hauekin bateraezina izatea da. Honekin batera, energia kostuaren aurrean etxeko erosotasunari lehentasuna ematea ere oztopo izan da hainbat kasutan.
Tarifa aldaketara hobeto egokitzeko %27-ak etorkizunean etxeko kontsumoak sakonuneetara eraman eta puntako orduetan kontratatutako potentzia murrizteko asmoa duela azaldu du.
3. Esku-hartzeari buruzko iritzia
Uztailetik abendura bitartean, tarifa berrien eta kontsumo elektrikoaren inguruan hainbat gomendio bidali zitzaizkien bazkideei. %19-ak emandako aholkuak aurrez jarraitzen zituela adiera du. Beste %59-ak aholkuak edo aholku batzuk aplikatu dituela esan du eta beste %21-ak ez arrazoi desberdinengatik ez dituela jarraitu. %57-arentzat bidalitako aholkuak lagungarriak izan dira, eskala desberdinetan.
4. Energia kontsumoaren karakterizazioa
Galdetegia erantzun duten bazkideen hornidura kontratuen %95-ak lehenengo etxebizitzei ematen dio argindarra.

Bigarren etxebizitza dutenen %100ak udaran erabiltzen du etxea. Gutxien erabiltzen den garaia, aldiz, negua da. %9-ak soilik erabiltzen du bigarren etxea garai honetan. Asteburuei begiratuz, %45-a asteburu guztietan edo ia guztietan joaten da bigarren etxebizitzara.
Merkatu txikiak aztertzeko asmoz, duten ordutegiari buruz galdetu da. Gehiengoak, %57-ak, goizez eta arratsaldez, modu jarraituan, irekita egoten dela esan dute.
Erabiltzen duten berokuntza mota nagusiari buruz galdetuta, gehiengoak, %54-ak, banakako gas galdara erabiltzen duela erantzun du. Gainontzean, askotariko emaitzak egon dira.
Aipatzekoa da “beste bat” erantzun duten pertsonen gehiengoak su-egurra erabiltzen duela etxea berotzeko.

Sistema elektrikoei begira jarriz, etxean zeintzuk dituzten galdetu da. Laginaren %79-ak etxean sukalde elektrikoa duela erantzun du. %16-ak termo elektrikoa edo bero ponpa erabiltzen du Ur Bero Sanitariorako (UBS), %3,18-ak ibilgailu elektrikoa du eta laginaren %2,6-ak bateriak (emaitza hauek ez dira beraien artean baztertzaileak, hau da, pertsona batek gailu edo teknologia bat baino gehiago aukeratzeko aukera izan du).

Nabarmentzekoa da Ur Bero Sanitariorako termo elektrikoa/bero ponpa erabiltzen duten etxeen %23-k erradiadore elektrikoak erabiltzen dituztela etxea berotzeko. %12-ak biomasa galdara edo berogailua dute, %11,5-ak bero ponpa eta beste %11,5-ak eraikineko berokuntza zentrala. Gutxiago erabiltzen dira galdara elektrikoak (%6), energia-metagailuak (%6), lurzoru erradiatzaileak (%4) eta egurra (%4).
5. Bazkideen erabakiak hartzeko profilaren karakterizazioa
Profilak sailkatzeko orduan, GreenSoul proiektu europarrak sortutako sailkapena erabili da. Honen arabera, hiru profil mota desberdintzen dira:
- Nahiago dut erabakirik ez hartu. Beraz, gauza bera egiten saiatzen naiz, gehiegi pentsatu gabe. Ez dut ikertzeko denborarik, lehentasuna ematen baitiot eguneroko ohituretan kontzentratzeari.
- Nahiago dut gauzak ahalik eta esfortzu fisiko eta kognitibo txikienarekin egin. Nire testuinguru sozialak kezkatzen nau, nahiz eta, oro har, beste zeregin batzuekin oso lanpetuta edo nekatuta nagoen. Beraz, hausnartzeko denbora askorik erabili gabe jarduten saiatzen naiz.
- Nahiago dut nire erabakiei buruz gogoeta egin. Badakit zer nahi dudan eta nire aukerak ebaluatzen ditut. Gainera, nire eguneroko ekintzak eta nire jarduera ereduak aztertzen ditut, eta haietatik ikasten dut.
Hiru aukeren artean, %74-a hirugarren profil motarekin identifikatu da, %22-a bigarrenarekin eta %3-a lehenengoarekin.

6. Bazkideen energia eraginkortasunaren profilaren karakterizazioa
Profilak sailkatzeko orduan, NUDGE proiektu europarraren esparruan egindako sailkapena erabili da. Sailkapen honetan 6 energia kontsumitzaile talde desberdintzen dira ingurumenari buruzko konpromiso eta ezagutza mailaren arabera:
- Ingurumena babesteaz kontzientziatuta nago, ondo informatuta nagoela uste dut eta nire ekarpenaren erantzule naizela.
- Ingurumenaz kezkatuta nago, baina lehentasuna ematen diot nire familiaren erosotasunari eta epe laburreko gastuaren kontrolari.
- Ingurumenaz kezkatuta nago, baina ez dut nire ekintzen eragina ezagutzen, ez eta hori murrizteko zer egin dezakedan ere.
- Nire energia gastuarekin kezkatuta nago.
- Inguruko pertsonek (senideek, lagunek edo lankideek) niri buruz pentsatzen dutenak kezkatzen nau.
- Ez nau batere kezkatzen nire energia kontsumoak.
Laginaren %64-a lehen aukerarekin identifikatu da, %23-a bigarrenarekin, %6-a hirugarrenarekin, %4-a laugarrenarekin eta %0,14-a (erantzun bat) seigarrenarekin.

7. Familia unitatearen deskribapena
Familia unitatearen deskribapen bat izateko, hasteko, etxebizitzari buruzko datuak bildu dira. Hurrengo irudietan adierazten dira bildutako datuak.
Ondoren, familia unitateen egoera ekonomikoa aztertuko da. Hurrengo bi grafikoetan, familia unitateak urtean dituen diru sarrera garbiak eta urtean aurrezten dutena adierazten dira, hurrenez hurren.
Ondoren, familia unitateko berokuntza eta ur bero sanitario, garraioaren erregai eta etxeko argindarrean bataz besteko gastuak azaltzen dira.
— Berokuntza eta ur bero sanitarioa.
Urteko bataz besteko gastua: 656,80 €.
— Garraioaren erregaia.
Urteko bataz besteko gastua: 1278 €.
— Argindarra.
Urteko bataz besteko gastua: 628 €.
Azkenik, klima aldaketaren eta honi aurre egiteko aukeren inguruko azterketa egin da. %96-ak klima aldaketaren inguruan nahikoa kontzientziatuta (maila ezberdinetan) dagoela adierazi du.
%42-ak klima aldaketaren aurka borrokatzeko ekintza bat edo gehiago eginak dituela, eta horiek edo antzekoak egiten jarraitzea gustatuko litzaiokela esan du. %13-ak ekintzaren bat egina duela baina momentuz ekintza berririk egitea aurreikusten ez duela adierazi du. %18-ak ingurumenarekiko jarrera aldatu beharko lukela uste du.
2030 eta 2050erako ekonomiaren deskarbonizazio helburuak lortzeko herritarrek eginkizuna zein den badakitela esan du laginaren %48-ak.
Energia komunitate bat zer den argi dutela adierazi du %36-ak, eta %42-k ez dakiela oso ondo zer den. Argi dutenen artean, %80,1-ak energia komunitate batean parte hartu nahiko luke. Zer den ez dakiten (%18) edo ondo ez dakitenen artean, %61-ak parte hartu nahiko luke energia komunitate batean.
Etorkizunera begiratuta, %72-a prest egongo litzateke eguzki plaka fotovoltaikoetan inbertitzeko, %29-a auto elektrikoetan, %23-a bero ponpetan eta %20-a baterietan (emaitza hauek ez dira beraien artean baztertzaileak, hau da, pertsona batek gailu edo teknologia bat baino gehiago aukeratzeko aukera izan du).
Etorkizunean zein agertoki motatan inbertituko den edo inbertitzea espero den jakiteko asmoz, 5 agertoki mota planteatu dira:
- “Status quo”-ari eustea, baina ibilgailu elektrikoak bakarrik erabiliz.
- Ibilgailu autonomoaren hedapen masiboa sustatzea (garraio publiko kolektiboa hobetzearekin batera).
- Bidai kopurua murrizteko neurriak bultzatzea (telelana, administrazio publikoen deszentralizazioa, zerbitzuen digitalizazioa, etab.).
- Oinezkoentzako eremuen sorkuntza masiboa sustatzea (garraio publiko kolektiboa hobetzearekin batera), herritar gehienek “oinez” bizitzeko aukera izan dezaten.
- Beste bat.
8. Ondorioak
Gehienen iritziz, tarifa-aldaketa ez da neurri egokia izan. Hala ere, %89-ak tarifa aldaketak ekarritako periodo banaketara kontsumoak egokitzeko neurriak hartu ditu. Beraz, esan daiteke bidalitako informazioa eta aholkuak jarraitu dituztela.
Energia-kontsumoari dagokionez, eta kontsumo gehiena etxea berotzeari dagokiola jakinda, beroketa sistemak aztertu dira. Etxe gehienek banakako gas-galdara erabiltzen dute etxea berotzeko. Sistema elektrikoak aztertuz gero, haien presentzia oso handia ez izan arren, etxe batzuetan termo elektrikoa edo bero ponpa UBS-rako (%16), ibilgailu elektrikoa (%3,2) eta/edo bateriak (%2,6) dituzte. Zifra horiek interesgarriak dira etxeetako elektrizitate-kontsumoa mugitzeko eta/edo malgutasun gaitasuna ebaluatzeko.
Etorkizunean ahalmen hori handitu egingo dela esan daiteke, %72 eguzki-plaka fotovoltaikoetan inbertitzeko prest egongo bailitzateke, %29 auto elektrikoetan, %23 bero ponpetan eta %20 baterietan. . Ehunekorik altuena plaka fotovoltaikoena da; beraz, etorkizun hurbilean jendeak aukera horren alde egingo duela espero daiteke.
Etxebizitzen datuak aztertuz gero, deigarria da datuen erdia baino gehiago (%56) 2006. urteaz geroztik eraikitako etxebizitzei buruzkoak izatea; eta hala ere, etxebizitzen %16-ak bakarrik izatea C mailako energia-ziurtagiria edo altuagoa. Zalantzarik gabe, eremu horretan lan asko dago egiteko. Lehendabizikoa, etxebizitzen eraginkortasun onak duen garrantziaz jabetzen da.
Nabarmentzekoa dira energia komunitateei buruz lortutako datuak. %36-ak energia komunitate bat zer den argi duela adierazi du. Gehiengoak zer den guztiz argi ez eduki arren edo zer den jakin ez arren, energia komunitate batean parte hartzeko prest daudela adierazi dute.
Azkenik, esan daiteke gehiengoa ingurumenarekin eta klima-aldaketarekin kontzientziatuta dagoela. Honek, aurreko ondorioak ere justifikatzen ditu.
Ondorio hauek galdetegiaren emaitzak aztertuta atera direnak izan dira. Datozen hilabeteetan kontsumo kurbak aztertuko ditugu eta emaitza zehatzagoak lortzea espero dugu.