GOIENER TARIFA INDEXATUAK
2.0TD Indexatua
Etxerako eta negozio txikietarako
Kontrataturiko potentzia 15 kW arte
4.000 kWh/urte baino kontsumo handiagoa
3.0TD Indexatua
Enpresak
Kontrataturiko potentzia 15 kW
baino handiagoa
3.0TDVE Indexatua
Ibilgailuak kargatzeko puntu publikoetarako
Kontrataturiko potentzia 15 kW baino handiagoa
Goi-tentsioko horniduretan interesatuak gurekin jarri daitezke kontaktuan entitateak@goiener.com helbidean.
Zer dira tarifa indexatuak?
Tarifa indexatua argindar tarifa mota bat da, energia terminoan orduero prezio aldakorra duena. Energiaren handizkako merkatuan egunero ematen diren aldaketek baldintzatua dago.
Tarifa indexatuen inguruan gehiago jakin nahi duzu?
Zein alde dago Goiener Tarifa Finkoaren eta Goiener Tarifa Indexatuaren artean?
Goiener Tarifa Finkoan, energia terminoaren prezioak hiru hilean behin ezartzen ditugu. Prezio finko horiek ezartzerakoan kontuan hartzen ditugu denbora tarte horretarako aurreikusitako energia-hornidura kostuak. Hiru hilean behin berrikusi egiten ditugu eta ondoren erabakitzen dugu energiaren prezioa jaitsi, igo edo bere horretan mantentzea (prezio-aldaketarik balego kooperatibako kideei 30 egun lehenago jakinaraziko genieke).
Goiener Tarifa Indexatuan, ordea, energiak prezio aldakorra izaten du orduz ordu. Handizkako merkatuan izaten diren aldaketek baldintzatzen dute.
Zergatik izan daiteke interesgarria tarifa indexatu bat?
Tarifa indexatu bat interesgarria da eguneroko merkatuko ordu merkeenei etekina atera nahi dienarentzat. Kontuan izan behar da, ordea, aurrezpena optimizatzeko komenigarria dela zure kontsumo ohituren ordutegiak eta energiaren orduz orduko prezioak ondo berrikustea.
Gainera, Goiener Tarifa Indexatua interesgarria da, aplikatzen dugun kudeaketa-kostua Goiener Tarifa Finkoan aplikatzen duguna baino txikiagoa delako. Zergatik? Goiener Tarifa Finkoan arrisku ekonomiko eta finantzario handiagoak hartzen ditugulako, konpromisoa hartzen baitugu energiaren zati bat aldez aurretik erosteko (hurrengo hilabeteetan energia kopuru jakin bat erosteko akordioa egiten dugu, energia hori zein preziotan ordainduko dugun adostuta). Beraz, aplikatzen dugun kudeaketa-kostua handiagoa da, ezustekoei aurre egin ahal izateko. Aldiz, Goiener Tarifa Indexatuan arrisku txikiagoak hartzen ditugu energiaren erosketari dagokionez, eta hori da kudeaketa-kostu txikiagoa aplikatzearen arrazoia.
Hala ere, merkatuko prezio jaitsierei edo Goiener Tarifa Indexatuko kudeaketa-kostu txikiagoei etekina atera diezaiekegun neurri berean, ezin dugu ahaztu merkatuko prezioen bat-bateko igoerek ere gure fakturan eragin dezaketela.
Nola jakin dezaket tarifa indexatuen prezioa?
Tarifa Indexatua duen faktura batean, potentziaren prezioa Tarifa Finkoaren bera da. Batetik kargu zein ordainsariek eta bestetik kooperatiba bideragarri izateko marjinak osatzen dute.
Hala ere, energiaren prezioa lortzen dugu kontzeptu guztiak barne hartzen dituen formula baten bidez (energiaren kostua, kudeaketa-kostua, arau-karguak…). Baina Tarifa Indexatuaren kasuan, energiaren kostua handizkako merkatuaren araberakoa da, eta beraz, ordu bakoitzeko prezio desberdina du. Ordu-prezio horiek egun bat lehenago argitaratuko ditugu, eta 2.0TD Indexatua eta 3.0TD Indexatua web orrietan kontsultatu ahal izango dituzu.
Zer gertatzen da eguneko merkatuaren prezioa orduren batean negatiboa denean?
Indexatutako prezioa orduka kalkulatzen denez, fakturazioan merkatu-prezioa hartzen da kontuan, nahiz hau negatiboa izan. Nolanahi ere, ordu batzuetan prezioa negatiboa izan badaiteke ere, argindar fakturak beti izango du saldo positiboa. Izan ere, batetik, ordu gehiagok izango dute prezio positiboa, eta bestetik, fakturan ordaintzen diren hainbat kontzeptu ezin dira konpentsatu prezio negatibo horrekin, hala nola potentzia kontratatua, karguak eta ordainsariak, zergak zein kontagailuaren alokairua.
Zergatik kontrata dezakete tarifa hau urtean 4.000 kWh baino kontsumo altuagoa dutenek soilik?
Orain arte, pertsona juridiko eta autonomoei baino ez diegu eskaini Tarifa Indexatua, baina badakigu badirela etxean kontsumo altuak dituztenak eta beren kontsumoaren zati bat ordu merkeagoetara mugituz faktura murrizteko aukera dutenak. Hauei Goiener Tarifa Indexatuaren aukera zabaldu nahi diegu.
Gero eta bazkide gehiagok aukeratzen dute etxeko kontsumoa elektrifikatzea edo konbustiozko ibilgailua utzi eta ibilgailu elektriko batera aldatzea. Ekimen horiei lagundu nahi diegu faktura murrizteko tarifa berri hau eskainiz.
Nola pasa naiteke tarifa indexatu batera?
Kontratua Goienerren baduzu, gurekin harremanetan jar zaitezke ohiko kanalen bidez edo, bestela, zuzenean orri honetan eskatu dezakezu. Zure eskaera aztertu bezain laster bidaliko dizugu proposamena. Kontuan izan egun batzuk beharko ditugula.
Aldiz, zure kontratua oraindik Goienerren ez badago, kontratazio galdetegitik eskatu ahal izango duzu.
Nola kalkulatzen dituzue tarifa indexatuak?
Orri honetan azaltzen dugu kalkulu hori nola egiten dugun.
Autokontsumoa baduzu:
Nola kalkulatzen duzue tarifa indexatu baten konpentsazio prezioa?
Konpentsazioa duen autokontsumo-instalazio bat baduzu, Tarifa Indexatuarekin, konpentsazio hori kalkulatzeko ere eguneroko merkatuko orduko prezioak aplikatuko zaizkie soberakinei, kontratuan adierazitako kudeaketa-kostua kenduz. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu orri hau.
Zergatik izan daiteke autokontsumoagatiko konpentsazioaren zenbatekoa oso txikia edo baita negatiboa ere?
Kontuan izan behar duzu soberakinen konpentsazio-prezioa ez dela energia-horniduraren prezioaren berdina; horniduraren prezioan beste kontzeptu batzuk ere sartzen dira: ordainsariak, karguak, sistemaren gainkostuak… Kontzeptu horiek ez zaizkio aplikatzen soberakinen konpentsazioari.
Gainera, soberakinen prezioa oso baxua izan daiteke kontsumoaren batez besteko prezioarekin alderatuta, soberakinak eguzki-orduetan isurtzen baitira sarera, eta ordu horiek merkatu-preziorik baxuena izan ohi dute (zero edo batzutan baita negatiboa ere).
Informazio gehiago:
Gure tarifen inguruan informazio eta datu interesgarri gehiago Goiener Tarifak orrian.