2014ko uztailaren 1a.
GOIENERrek energia merkaturatze jarduera martxan jarri zuenetik urte bete ez da igaro eta dagoeneko 1900 bazkide eta gutxi gorabehera 300MWh hileko kontsumoa duten 1300 kontratu kudeatzen ditu.
Merkaturatze jarduera martxan jarri zenean etxeko kontratuen tarifak (10 kW baino txikiagoak) Estatuak finkatutako prezioetara erreferentziatzea erabaki zen, hasieran TUR izenekora eta urtarrilak 1aren geroztik PVPC izenekora.
Merkatu «libreak» duen lehiakortasun faltak gure tarifak Estatuak finkatutako prezioetara erreferentziatzera eraman gintuen. Hala ere, ikusi arazi genuen tarifa berdinak ordaindu zitezkeela, %100 energia berriztagarria kontsumitzearen bermearekin gainera.
24/2013 legeak eta ondoren onartu ziren arauek merkatuko arauak aldatu dituzte eta gaur egun lehenago aipaturiko erreferentziak erabiltzeak merkaturatze jarduera eta kooperatiba bera kaltetuko lukete.
Konpainia handiak (COR siglez izendatuak, erreferentziazko merkaturatzaileak) tarifa zehatz bat eskaintzea derrigortuta daude, kontsumitzaileak tarifa hori (PVPC) borondatez aukeratu dezaketelarik.
Tarifak ezartzeko eta fakturatzeko modua oso nahasiak dira (orduko fakturazioa, aurrez ezarriko den tarifa ez jakin ahal izatea eta abar) eta horren aurrean bazkideen onura bilatu nahirik GOIENERreko zuzendaritzak, Batzarraren oniritzia jaso bitartean, beste tarifa eredu bat ezartzea erabaki du.
Uztailaren 1etik aurrera, 10kW baino gutxiagoko kontratuek, hiruhileko prezio finkoa duen tarifa izango dute. Horrela, aurrez jakingo duzu zenbat ordainduko duzun kontsumitzen duzun energiarengatik eta gainera, hiruhilabetero prezioak berrikusteak, merkatuko prezioetara egokitzea erraztuko du, gehiegizko prezioak saihestuko ditugularik. Era honetan merkatuko prezioak gora egiten dutenean tarifek gora egingo dute, eta merkatuko prezioak gutxitzean tarifak ere behera egingo dute.
Adibide gisa, 4,6kWko potentzia kontratatua eta 3600kWh/urteko kontsumoa duen kasu tipiko bat hartzen badugu, enpresa handiek eskaintzen duten urteko tarifa onenaren (urte baterako prezio finkoa eta kontratua aldatuz gero penalizazioa duena) eta GOIENERrek hirugarren hiruhilabeterako eskaintzen duen tarifa konparatuz, GOIENERrekin 24€ aurrezpena dago.
Ikusten duzunez, ez da erraza aurreztea, baina kooperatibaren iraunkortasuna bermatzen dugun bitartean, prezio eta zerbitzu hobena ematea bilatuko dugu.
Edozein zalantzetarako MAIL honetara idatzi.
Tarifen taula ikusteko sakatu HEMEN.