2013ko uztailaren 13an, 9/2013 ERREGE LEGE DEKRETUA argitaratu zen BOEn. Lantaldeetan eta Kontseilu Errektorean bertan, aldaketa horietaz hitz egin dugu, eta baloratzen aritu gara. Gehigarri gisa, informazio-eskaeraren bat iritsi zaigu etorkizunean bazkide izan daitezkeen batzuen aldetik; errege-dekretu hori eta horrekin batera argitaratu diren albisteak ikusirik, beldur dira kooperatibaren etorkizuna zalantzazkoa ote den. Horren aurrean, balorazio hauek egitea egokia dela iritzi diogu:
1.- GOIENER une zailean sortu zen: zehazki, energia berriztagarriei pizgarri guztiak kendu zitzaizkienean. Hala eta guztiz ere, kooperatiba-proiektuak askoz fronte eta aukera gehiago zeuzkan, eta ideiarekin aurrera egiteko erabakia hartzera eraman gintuzten. 2013ko urtarriletik, dagoeneko lortu dugu kooperatibara 500 bazkide inguru biltzea, bazkide laguntzailea den udalerri bat barne. Horrek erakusten du egungo energia-ereduan aldaketa bat bultzatzeko borondatea dugula.
2.- Ibilbide laburra egin dugun arren, ez gara hasiberriak arau bidezko mehatxu horien alorrean. Zehazki, LEGE berriaren xedea tarifa-defizita deuseztatzea da, eta sektorearen arazo guztiak finantza-gai batera laburtzea (alboratu egiten dira bestelako alderdiak: energia-menpekotasuna, zarrastelkeria, ingurumeneko kanpo-eraginak, etab.). Eta, okerragoa dena, irtenbidearen zama bi kolektibo nagusiren gain jarri dute (ez dira bakarrak): energia berriztagarrien kontsumitzaileak eta ekoizleak. Horren ondorioa izango da estatuak igoerak aplikatuko dituela energiaren azken prezioan ‘kostu arautuak’ izenekoen bidez, eta denon artean ordainduko dugula. Eta, beste alde batetik, atzeraeraginezko neurriak aplikatu ditu berriro, eta nagusiki ekoizle txikiei eragingo diete. Eta, hori gutxi balitz bezala, errege-dekretua desitxuratuta sortu da, ministerioaren ‘oker’ batzuengatik.
3.- Errege lege-dekretuarekin batera, errege-dekretuak eta ministro-aginduak etorriko dira. Bidesarien agindua abuztuan bertan aplikatuko da (jendea ‘abuztukotasun’ izendatzen hasi den era horretan, iraganeko delituetan ‘gauekotasun’ ezaguna izaten zen antzera), eta fakturetan batez beste % 3,2ko igoera ekarriko du. Gainera, POTENTZIA edo FINKOA terminoan neurriz kanpoko igoera aplikatuko da, eta gehien aurrezten duten kontsumitzaileengan eta hutsik dauden etxebizitzetan izango du eragina. Javier García-Brevaren hitzetan, neurri horren ondorioa hau da: “Diru gehiago bildu eta sistemaren diru-sarrerak bermatu nahi izateagatik, elektrizitate-eskaeran beherakada handiagoa izango da, eta, horren ondorioz, tarifa-defizita handitu egingo da.”
4.- Beste ondorio kaltegarri bat hau izango da: oso litekeena da autokontsumoan “BIDESARI LAGUNGARRIA” ezartzea. Funtsean, horrek esan nahi du autokontsumitzaileak TASA bat ordaindu behar duela saretik kontsumitzeari uzteagatik. Honelako zerbait da: gure baratzeko tomateak jateagatik elikagai-zentro handi bati tasa bat ordaindu behar izatea bezala, tomate gutxiago salduko dituelako eta tomateak garraiatzen dituen kamioia garestiago aterako zaiolako. Neurri hori da okerrenetakoa. Izan ere, berez egoera larrian dagoen sektore oso bat zigortzen du (energia berriztagarrien instalatzaileak eta ekoizleak); eta murriztu egiten ditu GOIENERren aukerak, bere bazkideen artean horrelako irtenbideak sustatzeko orduan. GOIENER, Px1NMEren bidez, behar diren legezko ekintzak egiten ari da, nahiz eta zaila izan ildo horretatik epe laburrean erantzuna lortu ahal izatea.
5.- GOIENERri, enpresa MERKATURATZAILE gisa, ez dio kalterik egingo lege berriak; gehienez ere, berme-gordailu gehigarri batzuk eska diezazkigukete. Dagoeneko eskatzen dizkigute batzuk, gure bazkideen kontsumoak kudeatu ahal izateko. Horrek egiaztatzen digu babestu egin behar garela finantzen alderdian.
Horregatik, azpimarratu egin nahi dugu bazkide bakoitzak kooperatiban duen garrantzia. Bazkide bakoitzak egiten duen diru-ekarpenari esker dauka gure jarduerak nahikoa likidezia, eta horrela ez dago kredituak eskatu beharrik. Horrek egiaz ahuldu egingo luke jarduera, eta, zuei esker, egungo egoera ez da hori.
Hori dela eta, beste gai bat ere nabarmendu nahi dugu: kooperatiban ahalik eta BAZKIDE gehien bildu behar dugu, eta ez da beharrezkoa KONTSUMITZAILEAK izatea. Izan ere, beren ekarpenekin egonkortasun handiagoa eman ahal izango diote kooperatibari, eta eutsi egin ahal izango diegu ia ziur izango diren arau bidezko ‘erasoei’. Horien aurrean ez gara isilik geratzen.
Mesedez, animatu zure inguruko ahalik eta pertsona gehien proiektuan parte hartzera edo helarazi ohar hau bera.
GOIENER KONTSEILU ERREKTOREA.