Goiz goizetik hasi zen jendea hurbiltzen Antoine d’Abbadie aretora. Lehenengoa ekitaldia antolatzeko, kafe beroa eskertu genuen hara bildutakook. Geroxeago aretoa bera prestatu zuten hainbat lagunek. 11:00etan, ekitaldia hasi orduko, 100dik gora ginen bertaratutakoak.
I-Enerreko Mathieu Iriartek azaldu zuen GoiEnerrekin izandako aspaldiko harremana, eskertu GoiEnerren laguntza eta nabarmendu indarrak batzeko asmoa.
Ondoren, Iker Elizalde Hendaiako alkateordeak hartu zuen hitza. Hendaiako Herriko Etxea da I-Enerrekin engaiatu den lehenengoetarikoa. Ekonomia solidarioaz arduratzen den alkateordeak nabarmendu zuen trantsizio energetikoaren, proiektu herritarren, enplegu sortzearen eta herritarren parte hartzearen beharra. Ezaugarri horiek guztiak betetzen ditu I-Enerrek sustatutako proiektuak.
Segidan, I-Enerreko langile Bixente Uhaldek hurrengo hizlarien aurkezpena egin zuen; aurrena energia berriztagarriak ekoizteko Akitaniako herritarren sareko Charléne Suire, hurrena Joanes Maiza GoiEnerreko presidentea eta azkenik, I-Enerren aldetik Bixente bera eta Iban Lizarralde.
Charléne Suire Cirenako proiektuen arduradunak garrantzi handia eman zien deszentralizazioari, efizientziari eta herritarren ahalduntzeari. Enercoop, Frantziako kooperatiba merkaturatzaile berriztagarriaren berri ere eman zuen Charlének; zeinak gaur egun 42.000 bezero, 150 langile, 26.000 bazkide ditu, eta berriki 4 kooperatibatan zatitu den deszentralizazioa bultzatzeko.
Aretoaren hotza uxatu zuen hurrengo hizlariak. Joanes Maizak pasaportea, 50 liberako billetea eta Eusko bat atera zituen, eta gogoratu zuen nola urte batzuk lehenago pasaportea behar zuen iparraldera etortzeko, nola liberekin ordaindu behar zuen. Gaur egun euskal herritarrok ez dugu pasaporterik behar Euskal Herrian ibiltzeko, liberak berea egin zuen eta Euskoa, azpimarratu zuen: oraina eta geroa da eta. Euskal herritarren elkarlana eta jendarte arduratsuago baten gorazarre egin zuen horrela. Ondoren, GoiEner zer den azaldu zuen, eta hurrengo erronkak aipatu zituen: 2017 honetan bost langile gehiago kontratatzea, 2.000 bazkide berri batzea, bulegoa Iruñean zabaltzea eta Sorkuntza abiatzea.
Amaitzeko Bixente Uhaldek eta Iban Lizarraldek I-Enerren berriztagarrien aldeko apustua eta herritarrak biltzeko asmoa berretsi zituzten. Lehenengo proiektuak errazak eta diru aldetik apalak izan dira, baina Hendaiako proiektuarekin jauzi nabarmena egin dute. Herriko zentro teknikoan jarri dituzten panel fotovoltaikoetan 150.000 euroko inbertsioa egingo dute. 25 urteko ustiapena adostua dute Hendaiako Herriko Etxearekin oso alokairu apalean. Hurrengo proiektuen errepasoa egin zuten azkenik; hala nola, Senpereko 2,5 MWpkoa itxitako zabortegi batean, Makeako 100 KWpkoa, Izurako elizarena eta Hazparneko ezkerparetarena.
Entzuleen galderei tartea utzi ondoren ekitaldia 2 orduz luzatu zen. Hala ere, guztiontzat arina, interesgarria eta pozgarria izan zen. Hiru kooperatibetako kideek behin eta berriro errepikatu zituzten ideiak gogoan geratu zitzaizkigun; deszentralizazioa, herritarren ahalduntzea, efizientzia, energia berriztagarrien bultzada eta elkarlana, alegia.
Eguna amaitzeko bazkaria egin genuen 70 pertsona inguru kaieko taberna batean. Abagune ona izan zen solas egiteko eta elkar hobeto ezagutu eta elkarlanaz aritzeko.