Hilero bezala, GoienerBerriaren edizio eguneratu batekin gatozkizue, 2021eko azkena. Ale honi ekiteko, laburpen gisa datu batzuekin hasiko gara, urte honen amaieraren argazki txiki bat izan dezazuen. Une honetan 15.146 bazkide gara Goiener S.Coop-en eta 1.019 Nafakoop-en. 19.895 kontratu kudeatzen ditugu, eta Goiener Taldeak 54 bazkide-langile ditu dagoeneko: gurekin lanean hasi diren azkenak, Gasteizko bulegoko Josu Pedruzo (Entitateen Taldean) eta Ekain de Olano (Arreta Taldean). Ongi etorriak biak ala biak! Aurten nabarmendu beharreko beste datu bat emandako hitzaldiak dira, dagoeneko 90etik gora. Laburpen hau amaitzeko, gogorarazi nahi dizuegu jasotako borondatezko ekarpenekin 648.165 euro bildu ditugula eta oraindik zuen harri-koskorra jartzeko garaiz zaudetela.
Gainerakoan, oso pozik gaude bi berri bikain emateko dauzkagulako. Lehenbizikoa, 2022an Korrikaren babesle ofizial izango garela. Aurkezpena azaroaren 17an izan zen eta dagoeneko salgai duzue petoa Korrikaren dendan. Hasiera eguna hurbildu ahala, xehetasun gehiago emateko paradan izango gara. Hori bai, eskatzen dizuegu aurretik pixka bat entrenatzen hastea, kilometroren bat edo beste egitea tokatuko baitzaigu, eta jakina, momentu hunkigarria iristean zuek alboan nahi zaituztegu.
Bigarren albistea da Islandiako Unibertsitateak antolatzen dituen Green Charge Awards sarietan marka berde global onenaren saria jaso dugula. Aditu-talde anonimo batek gure jarduera, posizionamendua, barne-lana, gure ingurukoekin harremanetan jartzeko modua eta abar ebaluatu ditu. Jakinarazi digutenez aitorpen bat da gure seriotasunari, “berdeak izateko” (adierarik zabalenean) gure ikuspegia aplikatzeko garaian. Hemen duzue informazio gehiago. Lana ez dugu egiten sariak jasotzeko, baina azken urte gogor honen ondoren onartu behar dugu ilusioa egin digula. Zuei ere eskerrak eman nahi dizkizuegu, guztion lorpena baita.
Nafarroako Trantsizio Energetikoari eta Klima-Aldaketari buruzko Foru Legeari ekarpenak egiteko aukera izan genuen. Maria Arretxe arduratu zen gure iritzia ematen horretarako sortutako batzordean.
Hilabete honetan Madrilen Genera izeneko azoka antolatu dute, gure Sorkuntza taldeko kide batzuk han izan dira sektorean zer berri dagoen ikusten.
Aurrez aipatu dugun bezala, azkenaldian hitzaldi aunitzetan parte hartzen ari gara, aurreko buletinetik gaur arte 40 hitzalditik gora kontatu ditugu. Banan-banan aipatzerik ez dagoenez, azpimarratu nahi ditugu Alazne Arrutik Udalbiltzako Energia Mintegian emandakoa eta Alfonso Garciak Energia Komunitateen inguruko Biltzar Europarrean eskainitakoa. Energia-komunitateekin zerikusia duten hitzaldi guztiek “sarrerak agortuta” afixarekin amaitzen dute ia; gero eta interes gehiago somatzen da gaiaren inguruan.
Eta berri onen zakura itzuliz… azkenean berreskuratu ditugu Goiener Elkarteko Lantalde Topaketa presentzialak! Elkar besarkatzeko beharra genuen benetan! Blogeko sarrera honetan laburtu dugu egun alai eta zirraragarrian jazotakoa. Azpimarratzekoak dira Garapen Taldeak eskaini zizkigun proiektu europarren inguruko informazio-pilulak (hemen ikus ditzakezue guztiak); baita EGAN (Egitura eta Antolaketa) prozesua aurkezteko bideo bikaina ere. Prozesu hau hasi baino ez da egin eta helburu du elkarlanean hausnartzea Goiener proiektua zertan den eta etorkizunekoa zer izatea nahi dugun.
Beste gertaera garrantzitsu bat Biziolaren aurkezpena izan da, Goierrin ekonomia soziala bultzatu nahi duen sarearena. Agurtzane Allur eta Naroa Elortza lankideek hasieratik parte hartu dute bertan eta ekimenaren potentzial eraldatzailea nabarmentzen dute.
Kooperatibako hitzaldien, ekitaldien eta albisteen berri izan nahi baduzue, gogoan izan Telegrameko kanal bat badugula, bertan harpidetu zaitezkete edota webguneko agenda ere kontsultatu dezakezue.
Eta, azkenik, badakizue ez garela aspertzen gogorarazteaz gure kontsumoak arduratsua izan behar duela. Gabonak hurbil daude, eta badakigu zaila dela opari, ospakizun eta abarren zurrunbilo horretatik ihes egitea. Goiener Sareak mapa batean biltzen ditu Goienerreko bazkide diren eta zuentzat interesgarriak izan daitezkeen produktu eta zerbitzuak. Eman begirada bat, bazkideak elkar babesten jarraitzeko modu polita baita.
A! eta “merchandising” kooperatiboa erosteko aprobetxatu nahi dutenek, gure online dendan proposamen mordo bat topatuko dute.
Gure aldetik besterik ez, GoienerBerria 2022an itzuliko da albiste gehiagorekin.
Zaindu.