Ordu tarterik merkeenak ezagutzeko ikusi argindarraren eguneroko prezioak:
Irailaz geroztik Gasa Doitzeko Mekanismoaz galdezka zuetako asko jarri zarete gurekin harremanetan, informazio gehiago, aholkuak edota iritzia eskatzeko. Uztailetik hona prezio aldakorrak jasan ditu mekanismoak eta horrek eragin du eguneko tarterik merkeenak ere aldakorrak izatea (hasierako asteetako arratsaldeko prezio merkeenak gauekoetara itzuli dira).
Ikusi dugu, merkatu elektrikoari nolabaiteko egonkortasuna eman diola (nahiz eta, beste urte batzuekin alderatuta, erreferentziazko prezioek altuak izaten jarraitzen duten).
Mekanismoa gero eta kontsumitzaile gehiago ordaintzen joan diren heinean eta teknologia berriztagarriak medio argindarra sortzeko gas gutxiago erabiltzen joan denez, Gasa Doitzeko Mekanismoaren prezioak egonkortzen joan dira. Horri lotuta, esan behar dugu, bertikalki integratutako enpresak ez daudela derrigortuak egiaztatzera talde barruan erosi duten energia, ondorioz, euren bezero askok ez dute mekanismoa ordaindu behar. Hau da, energia sortu eta (gero merkaturatzeko) talde bereko enpresei saltzen dieten enpresa-talde handiek lehiatzeko abantaila itzela dute gainerako merkaturatzaileon aldean, zeinak apirilaren 26an itxitako energia-bolumena justifikatu behar dugun. Ondorioz, gasa doitzeko mekanismoak merkaturatzaile txikietako kontsumitzaileoi eragiten digu, horrek dakarrenarekin.
Argindarraren eta Gasa Doitzeko Mekanismoaren merkatuko prezioen jarraipena hemen egin dezakezue.
Azkar ulertzeko, orduan… zein ordutegitara mugitu beharko nituzke nire kontsumoak?
WEB ORRI HONETAN eguneratuta izango dituzu biharamuneko orduz orduko prezioak, gasa doitzeko mekanismoa barne dutela (enpresetarako eta kontratu handietako aldiz, hemen).
Prezioek orduro ezberdinak izaten noiz arte jarraituko dute? Aldaketarik izanez gero jakinaraziko diguzue?
Hasiera batean, gasaren topea 2023ko maiatzera arte mantenduko dute. Hala ere, prezioek eta ordutegiek gorabeherak izan ditzakete. Web orriko informazioa eguneratuz joango gara, eta aldaketa garrantzitsurik balego jakinaraziko genizueke.