Balantzea eginda, 2022a urte gazi-gozoa izan da Goiener kooperatibarentzat. Urte gozoa, Goienerrek bere 10. urteurrena ospatu duelako eta ia 1.500 bazkide berri batu direlako argindar kooperatibara; gazia, aldiz, Ukrainako gerrak eta prezioen igoerak erabat baldintzatutako urtea izan delako.
Energiaren merkatuaren ikuspuntutik urte zaila eta ezegonkorra izan den arren, emaitza positiboak lortu ditu Goienerrek ekitaldi honetan: 1.403 bazkide-berri batu dira kooperatibara, ekitaldia 16.758 bazkiderekin amaituz. 2022an, gainera, lehen aldiz gainditu da 21.000 kontratuko langa. Hori gutxi ez balitz bezala, 106.017 GWh merkaturatu zaizkie bazkideei (iazko urtearekin alderatuta, %7 gehiago).
2022an, gainera, 6 energia-komunitate eratu dira Goienerrek emandako bide-laguntzari esker (eta beste 13 daude sortzeko bidean); kooperatibak jarraitu du energia-bulegoak sustatzen, udalei zerbitzuak eskaintzen edo orotariko formazio zein hitzaldiak ematen; eta kooperatibak bulegoa ireki du Arrasaten, arreta hobea eskaintzeko Debagoiena eskualdeko bazkideei.
Batzar Orokorra 2023
Datu horiek mahai-gainean jarrita, pasa den larunbatean, ekainak 10, Durangon egin zen Goiener S. Coop.eko Batzar Orokorra. Ia 150 bazkidek jarraitu zituzten ―bertatik bertara zein modu telematikoan― bertan emandako azalpenak.
Bozka eman aurretik, xehetasun osoz jorratu ziren 2022 ekitaldiko jardueren memoriak eta urteko kontuak, 2023ko kudeaketa-planak eta aurrekontuak azaldu aurretik. Horretaz gain, proposatu ziren bozkatu beharreko beste puntu batzuk ere: hala nola, Goiener Ekhilur kooperatibako bazkide kolaboratzaile izatea; Zaintza Batzordea berritu eta Barne Araudia eguneratzea; eta baita auditoreen izendapena onartzea ere.
Behin aurkezpenen txandak amaituta, eta bazkideei zalantzak argitzeko tartea eman ondoren, aurrez aipatutako puntuak bozkatu ziren Batzarrean.
Bozen emaitzak
Parte hartu zuten bazkideek (paperean zein Demokratian bozka-sistema erabiliz), proposatutako puntu guztiak onartu zituzten, adostasun zabalez. Nahi duenak, esteka honetan egiaztatu ditzake emandako bozak eta emaitzak.
Amaitzeko, Goiener kooperatibak eskerrak eman nahi dizkie Batzar Orokorrean parte hartu zuten bazkide guztiei.