Beste esparru askotan bezala, energiaren sektorean ere ezinbestekoa da elkartasunezko zubiak eraikitzea. Langintza horretan, bisita berezia jaso du Goiener kooperatibak, Tecnalia Fundazioak eta eLankidetzak abian jarritako ekimen berezi baten baitan; Kubako Gobernuko kideek eta Habanako Unibertsitateko Berrikuntza eta Garapen Fundazioko adituek osaturiko delegazio batek bertatik bertara ezagutu baitu gure kooperatibaren jarduna.


Topaketaren helburua izan da Kubako eta Euskal Herriko berrikuntza-ekosistemak elkarrekin harremanetan jartzea.
Honako kideek osatu dute Kubako Delegazioa:
- Armando Rodríguez Batista. Kubako Gobernuko Zientzia, Teknologia eta Ingurumen Saileko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloko ministrordea.
- Annia Hernández Rodríguez. Habanako Unibertsitateko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria.
- Deny Oliva Merencio. Ekonomia Zirkularrean aditua. Habanako Unibertsitate Politeknikoko (CUJAE) Ingeniaritza Mekanikoko Fakultateko dekanoa.
- Mayté Mazorra González. Energia Iturri Berriztagarrietan aditua. Energia eta Meategien Ministerioko (MINEM) Zientzia, Teknologia, Berrikuntza eta Ingurumeneko zuzendaria.
- Marian Cabrera Soto. Ekonomian lizentziaduna. INCUBAko koordinatzailea (Berrikuntza eta Ekintzailetzako Inkubagailua).
Hainbat puntu jorratu ditugu topaketan: hala nola, energia-sektorea aldatu eta demokratikoagoa egiteko beharra; Kuban eredu kooperatiboa saretzeko desioa, Euskal Herrikoa oinarri hartuta; energia berriztagarriak sortu eta banatzeko konpromisoa; eta, ekonomia sozialaren bidetik, bi herrien arteko elkartasun-zubiak sendotzen jarraitzeko asmoa.