Aurreko ostiralean Eusko Car Sharing elkartearekin kolaborazio hitzarmena sinatu zuen Goiener Elkarteak. Informazio gehiago.
Bigarren maila
IV. Kooperatiba Berriztagarrien Topaketa, UNCCUERerako beste pauso bat
Joan den urriaren 8an Kooperatiba Berriztagarrien IV. Topaketa ospatu zen Toledon, UNCCUER (Unión Nacional de Cooperativas de Consumidores y Usuarios de Energías Renovables) eta bertako kooperatiba, Econactiva, anfitrioi izanik. Bertan aktiboki aritu zen Goiener, aurreko topaketetan egin izan duen legez.
Oraingoan, lantalde bakoitzak Soriako azken topaketatik hona egindako aurrerapenak azaldu zituzten, gogora dezagun bertan UNCCUER eratu zela. Ikusi ahal izan zen, kooperatiba bakoitzak egindako esfortzuak fruitua ematen ari dirlea eta dagoeneko 17 kooperatibaren babesa duela UNCCUERek.
Goienerekin batera:
- Galizako Nosa Enerxia,
- Valladolideko Energética,
- Cantabriako Solabria,
- Soriako Megara,
- Gaztela Mantxako Econactiva,
- Madrilgo La Corriente,
- Andaluziako Zencer
- eta Valentziako kooperatibak:
Topaketa bezperan, Goienerek aurkezpen bat egin zuen Energia Berde, Ekonomia Sozial eta Hiritargoa Jardunaldietan, bertan merkatu elektrikoaren eta pobreziaren arteko erlazioak azaldu zituen.
Aurreko topaketen inguruko historia piska bat:
Lehen topaketa, Valladoliden izan zen 2015eko ekainaren 6an, EnergÉtica bertako kooperatibaren abio festarekin batera. Bertan kooperatiba elektriko berriztagarri gehienen errealitatea ezagutu ahal izan genuen: momentuko aukerak, eskarmentua, zailtasun berak. Batzuk eta besteok elkar identifikatu ginen lan egiteko motibazio eta moduetan. Bistan geratu zen baita ere, aberasten gaituen aniztazuna eta batera antolatzeko beharra nabarmendu zen, esfortzuak minimizatu eta efektuak handitzeko.
Lehen topaketaren ondorengo sintonia onak hurrengo topaketa bat erraztu zuen Madrilen urte bereko irailaren 26an oraingoan bertako La Corriente kooperatibaren antolaketari esker. Berriztagarrien eta autokontsumoaren inguruko legedia bezalako zailtasun beren aurrean kohesio handiagoa behar genuela argi zegoen. Kooperatiba taldeari forma juridikoa ematea erabaki zen, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Kooperatiba Elkarte izaera ematea aukeratuz. Interes biziena sortzen zuten gaiak aukeratu ziren, hauekin lanean hasteko.
Agenda honekin, Kooperatiba Elkartearen estatutuak adostu ziren eta III. Topaketan, Soriako Megara Kooperatibaren lokaletan Energia Berriztagarrien Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Kooperatiba Elkartea (UNCCUER) eratu zen. Hasera hartako 4 kooperatiben artean, nola ez, Goiener izan zen.
Mugikortasun elektrikoa bizikletan
Oraingo honetan, Joxe Begiristain Aizpurua, 1.0xx zenbakia duen bazkidea elkarrizketatu dugu. Joxe, Ataunen (Gipuzkoa) bizi da eta egunero Beasaina joaten da lanera, 13 km eginez joan-etorrian. Bere bizitzako bi «aldaketa» kontatuko dizkigu hemen: GoiEnerrekoa eta bere garraio lagun berriarena.
– Kaixo Joxe. Dakidala, lehen lanera kotxez edo motorrez joaten zinen. Zerk bultzatu zaitu 55 urterekin bizikletaz joatera?
– Erronka hori jarria nion neure buruari: noizbait hasi beharko nuela Ataundik Beasaingo lantegirako bidea bizikletaz egiten. 35 urte daramatzat CAFen lanean eta aurrez inoiz joan gabea nintzen bizikletaz lanera. Erretiroa hartu bitartean bizikletaz joanez eutsi nahi nioke!
– Nola egiten zaizu lantokirainoko ibilbidea, errespetatuta sentitzen zara errepidean?
– Ataundik Lazkao herri barrura bitartekoa nahitaez errepidez egin beharra dugu. Eta horrek berez duen arriskuaz gain, badira hainbat gune beldurgarri, atzetik datozen autoek errespetatuko zaituen kezkaz egiten ditudanak. Gainontzean, arazorik ez, bidea laua da eta.
– Orduan, erosoa da bidaia bizikleta elektrikoan?
– Oso erosoa. Pentsa, bestelako bizikletan ibiltzeko ere ez dago arazorik ibilbide laua eta motza delako, baina ondo etortzen da Senpere auzoko biribilgune azpiko bide gorrian gora eta beherako bidean eta, baina batez ere, etxera bidean, hego haizea dabilenean!
– Konta iezazkiguzu zure bizikleta elektrikoaren ezaugarriak…
– Beno, nirea paseoko bizikleta da, alegia, lohi-babesak eta argiak ditu, adibidez, euritan edo ilunpean ibiltzeko moduan. Bestelakoan, elektrikoa izatearen ezaugarriak: pedalen artean du motorra eta hortik koadroaren gaineko tutura bidean bateria. 25 km/h-ko abiada artean laguntzen du zuk pedalei eragiten diezun heinean, eta behin abiadura hori gainditu ondoren, automatikoki motorrak laguntzeari uzten dio, hala behar du legez eta.
– Gainera, Mallabian muntatutako labela duen produktua, hori bai ekonomia zirkularra!
– Beno, kanpoan egindako merkeagorik aurkituko nuke aukeran, baina kontraesana litzateke, ez da? Bertakook bertako produktuak, edozein alorretan…
– Bateria etxean kargatzen duzu, gainera GoiEnerreko fakturapean, zenbatean behin? Zenbat km irauten dizu? Zenbat denbora behar duzu bateria kargatzeko?
– GoiEnerren fakturaz noski! Hor ere zalantzarik ez… Bateria zenbatean behin kargatu, bizikletaren erabileraren baitan dago, hobeto esanda, motor elektrikoa zenbat erabiltzen duzun. Bizikleta lanera bidean bakarrik badarabilt, bi aste edo, ondo irauten dit. Motorra martxan, gainera, 4 mailatan erabil daiteke, gehiago edo gutxiago laguntzen, beraz, aldagarri asko daude bateriak zenbat iraun dezakeen zehazteko: 100 km bezala izan daitezke 50 km… Bateria kargatzen, berriz, 3 ordu inguru.
– Pozik zaude orduan, gomendagarria ikusten duzu ibilgailu mota hau?
– Bai, bai! Inbertsio ederra da! Gainera, autoa ez erabiltzeaz gain, ariketa fisikoa egiten duzu, txori kantuak entzun, haizea hartu…
– Diru-laguntza ere jaso duzu…
– Hala tokatu delako: apirilean erosi nuen bizikleta eta maiatzean EVE diru-laguntzak jarri zituzten. Paperak egin eta 300 € jaso nituen, bai.
– Bestaldetik, esan iezaguzu zergatik egin zinen GoiEnerreko bazkide.
– Hasiera-hasieratik hor zabiltzaten lagunak zintuztedan inguruan, beraz, nahi adina informazio eta laguntza izan nuen aldaketa egiteko. Gainera, edozeinek esaten dizue zuei ezetz! Zorionak (eta eskerrik asko) bene-benetan: zuetako bakoitzak bere lana izateaz gain, musu-truk GoiEner bezalako enpresa bat sustatu eta mantentzen egiten duzuen ahaleginagatik.
– Zure ikuspegitik (kontsumitzaile xumea) nola ikusten duzu kooperatibaren ibilbidea?
– Niri iruditzen zait, berealdiko meritua duzuela proiektu hau herritar guztion esku jartzean. Eta nago, bazkide gehiago ez bagara, edo, bazkide kopurua handitzen geldi antzean badoa, arrazoia, jende guztiarengana GoiEnerren berri ez iristean dagoela. Jendea, GoiEner existitzen dela jabetzen doan heinean egingo da bazkide. Eta horretarako mugak, noski, publizitatea behar bezala egiteko baliabiderik ezean dago. Pentsa, GoiEnerri buruzko informazioa, Internetez egoteaz gain, etxe guztietako buzoietara iristeko gaitasunik balitz…
– Badakit euskaltzalea ere bazarela eta ziur asko faktura euskaraz jasoko duzu. Ulergarria egiten zaizu? Animatuko zenituzke euskaldun berriak euskaraz jasotzera?
– Nire iritzian, faktura eta gainontzeko informazio osoa, euskaraz eman behar zaie denei Euskal Herrian, eta beste hizkuntzaren batean nahi duenari, ele bietan, euskararekin batera. Bestela alferrik gabiltza. GoiEnerren filosofiarekin talka egingo luke zerbitzua euskaraz emango ez balu, jakina… Bertako produktuaz aritu gara lehen, energia garbiaz aritzen gara… Zer «ekologikoagorik» Euskal Herrian euskaraz aritzea baino? Eta horretan ere, bete-betean asmatu duzue…
– Esan iezaguzu nahi duzuna, bazkidearen txokotik izango balitz bezala…
Bazkidearen txokotik? Lotsaraziko nauzu: gure bazkidetza, kontsumitutakoa GoiEnerren bidez ordaintzera mugatzen baita. Atentzioa eman zidan, adibidez, Zeraingo azoka ekologikoan gazte bat GoiEnerren postuan aritzeak; hantxe, boluntario, bere denbora eta ahalegina dohainik eskaintzen, GoiEner ezagutarazteko. Zaila daukagu, bai, adibidez, egunero-eguneroko arrosarioa bihurtu zaigun kirol profesionalari buruzko informazioaren kantitate bera eskaintzea komunikabideek, GoiEner bezalako proiektuei. Ba hori, txindurri-lanean segitu beharko dugu, bakoitzak bere neurrian, ingurukoei gure hautua azaltzen: geure buruaren alde ez ezik, gainontzeko guztien alde ari garen ziurtasun osoz. Bizitzaren arlo guztietan kontsumitzen dugunak, jatorri naturala edo berriztagarria izan dezan helburuaz. Kasu honetan, hemen eta orain, elektrizitatea era horretan, GoiEnerrek bakarrik eskaintzen du.
Mila esker Joxe, eta «kutsatu» zure eredua errepidean zehar!
2016ko Bilboko Aste Nagusi pixka bat jasangarriago batean lagundu du GoiEnerrek
Iazko Bilboko Aste Nagusian bi konpartsek argindarra GoiEnerrekin kontratatzeko erabakia hartu zuten, aurten 21 konpartsa izatera pasa dira argindar berriztagarria GoiEnerrekin kontsumituko dutenak.
Hontzak konpartsako Galder Antonek zera adierazi digu: GoiEner aurkeztu zuten Bilboko Konpartsen batzarra ospatzerako, beraiek GoiEnerrekin kontratatzeko erabakia hartua zutela. Aurretik ezagutzen zuten; kooperatiba bat izateak eta iturri berriztagarrietatik energia hornitzeak beraien ideologiarekin bat egiten zuelako hartu zuten erabakia. Bestalde, aurten beste ekintza batzuk ere burutuko dituzte ingurumena babesteko helburuarekin. Bilboko Konpartsekin batera, Hontzak konpartsak jaietan lurrean geratzen diren plastikozko edalontziak batzen lagunduko dute (asteazkenetik ostiralera) hauek tratatzera eramateko eta ondoren berrerabiliak izateko. Horrela plastikoaren zikloa itxiko dute.
Eguzkizaleak konpartsako Iker Ormaecheak berriz esan digu bera Goienerreko bazkidea dela jada eta Bilboko Konpartsen batzarretan egon dela hasieratik Goiener zer den azaltzen eta konpartsek dituzten zalantzak argitzen. Jendea oso pozik dagoela komentatu digu eta ez dutela momentuz inolako arazorik izan argindarrarekin. Bilboko Konpartsen azpiegituretako arduradunak eskerrak eman dizkie laguntzagatik eta izan duen arrakastagatik. Kontutan izan behar da konpartsez aparte, eszenatokiak eta muntaien kontratua ere Goienerrekin kontratatuak izan direla eta hauek ere ez dutela arazorik izan.
Ostaturekin elkarrizketa
Gure kooperatibako bazkideak zuen ezagutza handiagoa izan dezaten. Zer dira Ostatu upeltegiak?
Belaunaldiz belaunaldi aritu izan gara Sáenz de Samaniego familiako kideak mahastizaintzan. Izan ere, jarduera hau familiari XVI. mendeaz geroztik lotuta dagoela jasota dago. Matarredo auzoan, haitzetan zulatutak calao deritzoten lurpeko bodega zaharren auzoan, gure arbasoek ardoa egiteko erabiltzen omen zuten zuloak oraindik ere gure familiaren eskuetan dirau, eta hasiera batean guk ere erabili izan genuen.
Ardoak ekoizteko modua izan da gure aitonarengandik aurrenik, eta geroxeago, guraso ditugun Doroteo eta Mª Asuncionengandik ikasi duguna. Beraiek izan baitziren 60ko hamarkada amaieran familiaren negozioaren ardura bereganatu eta gaur egungo upeltegia eraiki zutenak beraien XVIII. mendeko ostatu-etxean.
Ardoa nahiz bizitza ulertzeko era zehatza dugu OSTATUn: bikaintasuna lortzeko gaurkotasuna eta iraganaren arteko orekan oinarritzen gara, eta moda iragankorrei muzin egiten diegu.
Ardogintza garapen iraunkorrarekin kontzientziatua dagoen arloa al da?
Neurri handi batean, bai. Eraikinak egiteko orduan, eraginkortasun energetikoa arautzat izateaz gain, gero eta arlo gehiago hartzen dira kontuan: uraren erabilera, hondakinen kudeaketa… Horrek guztiak dakarrena da: aurreztea, gure inguruarekin konpromisoa eta gure bezeroen eskaerari erantzutea. Izan ere, gure bezeroek, gero eta gehiago exijitzen dutenak, garrantzi handia ematen diote jarduera ekonomiko batek ahalik eta eragin negatibo izatea ingurumenarekin. Beste sektore batzuetara zabal daitekeen eskaera izango da.
Iraunkortasunaren aldeko konpromisoa dela eta, Ostatu upeltegikook duzuen kontsumo elektrikoa aldatu eta GoiEnerreko bazkide egitea erabaki duzue? Nola sortu zitzaizuen ideia hori? Zergatik GoiEner?
Auditoria energetikoa egin genuenean ikusi genuen bageneukala aukera gure eraginkortasun ekonomikoa hobetzeko, eta dezente hobetzeko gainera. Orduan GoiEnerren alde egin genuen, ez merkeena zelako, guk partekatzen genituen zenbait baldintza, balio erantsia ematen zutenak, betetzen zituelako baizik: energiaren iturri garbia eta berriztagarria bermatzea, bertako enpresa izatea, gure inguru sozial eta ekonomikoaren parte izatea. GoiEnerrek bezala, gu ere bertakoa eta inguruko entitateekin elkarlanerako sareak sustatzearen aldeko filosofiari lotuta gaude.
Aipatu dezakezue aldaketa egiteko orduan izan duzuen esperientzia?
GoiEnerrera aldatzea erraza izan zen oso. Lehenik eta behin egitasmoa zehatz-mehatz ezagutu nahi izan genuen eta behin bazkideen artean enpresan eta Udalak zeuden egitasmo serioa zela ikusita, konfiantza handia eman zigun. Kudeatze urrats guzti guztiak GoiEnerrek berak egin zituen, oso arin gainera eta gure eguneroko jardueran ez dugu inolako alderik antzeman.
Inguruko enpresak, bereziki ardogintzak dihardutenak, animatuko zenituzkete pausoa eman eta GoiEnerreko bazkide eginez, energia berriztagarrien aldeko apustua egitera?
Bai, jakina, egitasmoa ezagutzera animatuko nituzke eta urratsa ematera ekimen alternatibo eta libre batean parte hartze zuzena dakarrelako, aurrezte ekonomikoa eta eta bertako lurraldearen garapena ekarriko duen ekimen alternatibo eta librea.
Gizarte Energia jardunaldia Hernaniko IDEO Oronan
Datorren Maiatzaren 21ean Goiener eta ResCoop-ek, Ingeteam eta Orki babesleen laguntzarekin antolatutako “Gizarte Energia” izeneko Jardunaldia ospatuko da, IDEO Oronan, Galarreta (Hernani, Gipuzkoa) 09:00etatik 14:00 bitarteko ordutegiarekin.
Energiaren aspektu gizarteratuago bat analizatu eta eztabaidatzea da topaketa honen helburua: hiritar inbertsioa berriztagarrietan (bai norbanako moduan edo bai taldean), instituzioen papera sorkuntzako proiektuak aurrera eramateko unean, esperientziak eta arrakastadun kasuak, pobrezia energetikoa eta bukatzeko Euskadiko estrategia energetikoa aztertuko da.Horretarako, ikuspuntu desberdina duten pertsona esanguratsuak elkartuko dira. Besteren artean, Javier García Breva (aholkulari eta eritzi liderra),Fundación Renovables, Europako Energia Berriztagarrien kooperatiba Federazioa (ResCoop) eta Aitor Urresti (Unibertsitate irakaslea eta Energia Berriztagarrietan ikertzailea).
Jardunaldia doan eta irekia da guztiontzat. Joan nahi baduzu, izen eman aurretik inprimaki hau erabiliz.